XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) bena de facto, pratikan, Nafarroaren hegalpean bizi zen, historian ûsû agitû zeion bezala, bena heben arrazo doblez, Baxe-Nabarre eta Biarnoko lûrretan etxekandere beitzen Jeanne d'Albret, bien artean ohatûrik dela Zûberoa herria.

Bi aldiz (1569-an Montgomery-rekin eta 1587-an Beltzuntze-rekin), Biarnoko protestant armadak xeheki zûtian Zûberoa eta Nafarroa Beherea, ehûn bat eliza phûrû errez gisala.

Gratien de Bela-ren seme Gerard-ek ere desmasiak ûken zûtian Mauleko bere hontarzûnetan.

Bena baile eta epaile izentatû zian Nafarroako errege Henri-k, orano katolika zelarik gure zûberotarra.

Gero protestant egin zen hau, nonerebeita Catherine de Johanne andere protestantarekin egin zian ezkontzaren ondorioz.

Bi seme ûken zûtian Gerard Belakoak: Jacques (Maulekoa) eta Isaac (Sorhoetakoa).

Jacques, zûberotarren delegatû izan zen 1622-an, bai eta erregeren baile eta jûje 1633-an.

Andere katolika batekin ezkontûrik, bera protestat egon zen.

Arren bere kargiaren betatzera ez zien ûtzi nahi zûberotarrek, eta nekez erauntsi zian Lextarreko auzitegian.

Gizon baketsia zen Jacques, eta ekintzan beno hobea pentsamentûkan.

Behin Biarnoko protestant lagûnen eraso bat piztetik epantxatû zian, hargatik salatû gabe, Arnaud de Maytie Oloroeko apezkûpiaren lagûngoarekin.

Protestant izana gatik, zûberotarrez haitatûrik izan zen Zûberoa herri honen interesen zaintzeko:

Louis XIII.ak Zûberoa Paueko Parlamentiari lotû nahi beitzian, Belak ardietsi zian Bordelekoari lotûrik ûtz lezan, zûberotarrek nahi bezala.

Horiek orano gogoan zûtien errelijione gerletan Biarnoko protestanten ganik egari zûtien sarraskiak.

Arren bere protestant alderdiaren gainetik iganez, oso zûberotar abertzale agertû zen Jacques de Bela (1586-1667).

Idazle jakintsia zen, mintzaje andana baten jabe.

Eûskara eta biarnesa bazakitzan haurretik.

Gaineala ikasi zûtian latia, grekera, gaztelania, italiera, frantzesa prefosta, hebreoz ere zerbait.

Obra nasaiak ûtzi zûtian, frantzesez haboroenik.

Hanixko, zoritxarrez, galdû dira, eta besteak pûblikatû gabe daude, zonbait phûrû Bibliothèque Nationale delakoan.

Haren eûskal atsotitzak agertû zûtian Clément-Simon batek, beste lan batzien zatiekin:

Le protestantisme et l'érudition dans le pays basque au commencement du XVII síecle. Jacques de Béla, Biographie. Extraits de ses oeuvres inédites, Paris, 1896.

Bestalde badût haren idazki baten fotokopia, Pierre de Souhy zenaren ganik ûkena, harek Bibliotéque Nationale-an kopiatûrik, Matalazen matxinadaz: Journal de l'insurrection des Basques sous la conduite de Matalas.

Beraz les Basques dio zûberotarrentzat:

horrek orhitarazten deit gure xaharrek ûskaldûnak errairen diela beren bûriez.

Besteak manexak dira prefosta.

Ondokoetarik bat izan zen XVIII. mentean Jean-Philippe de Bela zaldûna.

Europa gûzia kurritû zian gerletan.

Frantziako erregearentzat Zûberoan altxatû zian Volontaires Cantabres delako errejimentia, zoinen bandera Zalgizeko elizan beitago.

Maulen kolejio baten eraikitzeko diharia eman zian, bena ondoriorik gabe.

Libûrû elibat idatzi zûtian, haietan Histoire du Pays Basque delako bat, argitaratû ez dena.

Bibliotèque Nationale-an dago eskû-izkiribûz.